lunes, 26 de noviembre de 2012

Bote Luzea Euskal Pilotako jokamoldea



SARRERA

Bote luzea bi talderen arteko oposizioan oinarrituriko euskal pilotaren jokamolde zuzena dugu, plekaren beharrik gabekoa alegia, marra jokoa da. Gaur egun, ez dago oso hedatua Euskal lurraldean, hori dela eta, ez dago txapelketa ofizialik, ezta araudi zehazturik ere. Garai batean ostera, artzaiek mendietako soro eta belardietan askotan jokatzen zuten.


JOKAMOLDEA
  • Aurkaritza:  3:3, 4:4 edota 5:5 egoeran jokatzen dute elkarren aurka, hau da, kolaborazio oposizioan oinarrituriko jokoa da.
  • Materiala: Esku hutsez jokatzen denez ez dago eskularru edota xisterarik. Pilotari dagokionez, eskuz jokatzen dena bezain arina ez da eta handiagoa da, jokoa moteltzen duelarik. Esan beharra dago Valentzia aldean jokamolde honen oso antzekoa den Llargues-a jokatzen dutenek pilota askoz ere txikiagoa baliatzen dutela jokatzeko.
  • Kantxa: Joko-eremua izatez (5:5), 55-60 metro bitarteko luzerakoa (futbol zelai baten erdia) eta 12-15 metroko zabalerakoa  da, baina moldagarria da jokalari kopuruarekiko, hau da, 3:3ren kontrakoa bada partida, murriztu egingo dira zelaiaren dimentsioak. Kantxa bi eremutan egongo da bereizita, botarriaren defentsaren eremua, eta erreferarena. Bi hauen artean marra bat egongo da eskasa deiturikoa, honetaz gain,  alboetako eta fondoetako marrak ditugu, zelaia mugatuko dutenak. Ez da beharrezkoa, baina frontoi batean jokatuz gero, frontisa eta errebotea fondoko marratzat har daitezke funtzio bera izanik( pareta zuzenean joez gero kintzea beste taldearentzat izango delarik ).
  • Puntuazio sistema: Kintzekako puntuazio sistema du, Tenisaren antzera. Honetan, 4 kintze eskuratutakoan, joko bat lortuko dugu, beti ere aurkariekiko 2 kintzeko distantzia izanik. 3na kintze egonez gero, hau da, 40-40, ADOS hitza esango dute. Honekin 30na, 2na kintze, jartzeko adostasunera iritsi direla esan nahi dute. Taldeetako batek ez badu kintzerik lortu, hau da, 0an baldin badago, Esperantzan dagoela esaten da. Partidak, hainbat jokotara joka daitezke, normalena 9, 11 edota 13 jokoetara izatea da, baina jokalari kopuruak eta hauen arteko adostasunak aldakorrak egiten ditu. Azken finean, Mus jokoan 4 erregetara edo 8ra joka daitekeen bezala adostasun batera iristea da xedea.

  • Sakea: Jokatzen hasteko egin beharreko lehenengo kolpea dugu sakea, hau burutzeko botarri baten beharra dugu ( tripode itxurako mahai txiki bat ), hau botarriaren defentsaren eremuko fondoko marraren gainean finko kokatzen delarik. Bertan lehenengo punpa egin, eta ondoren, jo egingo diogu pilotari eskasa pasaz, erreferaren eremuan barruan punpa eginaz. Kintze bakoitza hasteko egingo da sakea. 

  • Xixa (marra): Joko-eremua baldintzatzeko irudikapenezko marra bat, zeinak eskasa baliogabetu eta ordezkatzen duen xixa jokatzen den kintze horretan. Hau gertatzeko pilotak eskasa pasa behar du erreferakoen eremura bi edo punpa gehiagoz iritsiz, eta hau geratzen den edo pilota irteten den tokian kokatuko da xixa. Beste aukera posible bat ere badago, erreferakoek pilota jo eta sakatzeile rolekoek pilota eskasa pasa aurretik geratzea, xixa bertan kokatuko delarik. Xixa egin edo lortzean, ez dugu kintze ez jokorik lortzen, baizik eta beranduago jokatuko den kintzean abantaila, erreferaren eremua txikiagotuz, eta ondorioz, lekualdaketa egitean sakea zutenek defendatu beharreko eremua murriztuz, xixa soilik sakatzaileek lor baitezakete (xixaren egoera bera lortzen badute erreferakoek kintzea erdietsiko dute, ez xixa). Kintze hau, xixarena, besteak bezala jokatzen da, baina eskasa lekualdatuta. Hau jokatzeaz amaitzean, berriro ere hasierako egoerara itzuliko gara. Beti ere, bigarren xixa bat ez dagoenean, gehienez bi egon daitezkeelarik. Bigarren xixa bat balego, eskuratutako ordenan jokatuko dira, eta biak jokatu ostean itzuliko gara hasierako egoerara, eskasarekin jokatzera.(Xixaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, hasierako "artzaiek mendietako..." estekan 5:50 minutuan azaltzen dizute).
  • Xixa-pasa (lekualdaketa): Bi taldeen rol aldaketa gerta dadin bi aukera besterik ez daude. Aukeretako bat, xixa bat izatea eta bi taldeetako bat 3 kintzerekin egotea da. Beste aukera, berriz, bi xixa egitea da.
  • Piedre:  pilota jotzaile rolean dagoen batek nahi gabe bere taldekide bati jotzen dioenean gertatzen den egoera,  non aurkariek kintzea lortzen duten.
  • Jokoa: Sakatzaileak sakea egin eta eskasa pasatzean, erreferakoek airez, zein punpa batez erantzun dezakete. Honen ostean, elkartrukean arituko dira pilotak bi punpa edo gehiago ( lurretik arrastaka joateraino ), punpa barruan eta kanpoan beste bat, edota, pilota zuzenean kanpora irten arte. Esan, sakean izan ezik,ez xixak ezta  eskasak ere ez dizkietela jokalariei mugak jartzen eta bestearen eremura sar daitezkeela. Soilik pilotari jartzen dizkio mugak.
    • Bi punpa edo gehiago: Sakatzailearen eremuan gertatuz gero, erreferakoek kintzea lortuko dute. Aldiz, erreferaren lekuan gertatzen denean, xixa kokatuko da pilota geratzen den edo gelditzen duten tokian ( gorputzeko edozein atalarekin ). Honekin bat, jokalari batek pilota gaizki blokatuz gero, hau atzerantz joanik eta atzeko batek geratu behar duelarik  ere, azkenak geratu duen tokian xixa jarriko litzateke. Azken hau, eskasetik geroz eta gertuago egin hobe izango da erreferan daudenentzat, toki aldaketan espazio handiagoa defendatu beharko baitute geroz eta eskasatik urrunago egon xixa. 
    • Punpa bat barruan eta urruna kanpoan: Botarriaren defentsaren eremuan gertatzen bada, kintzea lortuko dute erreferako eremukoek. Ostera, erreferakoen eremuan gertatuz gero, xixa jarriko da irteten den tokitik. Frontoi edo pareta dun instalazio batean jokatuz gero, atzean edo aurrean egon daitezkeen paretek pilota punpa egin ondoren joanez gero, jokatzen jarraitzeko aukera ematen dute. Zuzenean jo ez gero kintzea galduko du pilota jo duen taldeak,  bote bat pareta eta berriz punpa eginez gero, aldiz, kintzea irabaziko du pilota jo duenak. 
    • Zuzenean kanpoan eginez gero punpa: Pilota kanpora bota ez duen taldeak kintzea lortuko du.
Xixa jokatzean, ezin daiteke beste xixarik eskuratu, kintzea bata zein bestearentzako izango da, orain arte azaldutakoaren arabera. Xixa zena hau eskuratzen zuenarentzako kintzea bihurtzen delarik.
Pilota lurretik arrastakoa joanez gero, aurkarien fondoko marrara iristean edota hau pasatzean, kintzea eskuratuko du pilota jotako taldeak, beraz, hau izango da sakatzaile rolekoek kintzea gabe lortzeko edukiko duten aukera bakarra erreferakoek zuzenean kanpora botatzearekin batera (bestela xixa baita).

Erreferentzia:
Gai honen inguruan argitaratuta ezer gutxi dagoenez, gure lana gehienbat  Zubietan Xiba taldeko Eñaut eta Josebarekin eginiko praktikan ikasitakoaz bideratu dugu, bai eta haiei eginiko galdeketan ere. 



Eskerrak eman nahi dizkiegu Bote Luzeari buruzko lan honetan zalantzak argitu eta jokamolde hau Zubietan jokatzeko aukera eman diguten Eñaut eta Josebari. Honetaz gain eskerrak ere Antxoni.